XI. Bertsopaper lehiaketako Altzako onena

DOINUA: Habanera

MAITE ZAITUT

1.-Lorez lore ibiltzeko
izan dut erraztasuna
sarri probatu dut beste
ezpainen goxotasuna
aldarrikatu izan dut
maitatzeko askatasuna
askorekin ibiltzea
dela aberastasuna
kanpoko ele ederren
erakargarritasuna
ez dela itoarazi
behar sentitzen duzuna
unea bizitzearen
poz eta handitasuna
bide horretatik lortzen
baita zoriontasuna

2.- Patuak eragin zuen
gu biak berriz batzea
abenduaren 3an
elkarrekin topatzea
lehenengo zita harek
ekarri zuen bestea
zinea, afaria ta
kalean paseatzea
zure izena bihotz batez
paretetan marraztea
biharamunik ez balitz
bezala muxukatzea
zuk erakutsi didazu
besteak beste, maitea,
zeinen zoragarria den
bat bakarra maitatzea

3.- Zurekin bizitzea da
zorte, plazer, ohorea
zuk jartzen diozu nire
bizitzari kolorea
maite dut zure usaina,
zure ezpainen zaporea
goizeko lehen begirada
goxo eta dotorea,
zure irribarrea ta
darabilzun umorea
momentu zail guztietan
izan duzun adorea,
gauza bat esan nahi dizut
dudana sakon gordea
zurekin nagoenean
ni sentitzen naiz hobea.

4.-Zaharrena izan arren
modernoenen mailara
aspaldi iritsi zara
hori gauza jakina da.
Nahiz askok eta askok
jarri makina bat traba
mespretxu hitzak zabalduz
herritarren ahotara
inoiz ez zara makurtu
indartsuen oinetara
txikitasuna handi dela
jarriaz denon bistara
nor zaren harro azaltzen
duzu zuk lau haizetara
hori ta gehiagogatik
nik maite zaitut, Euskara.