Aurtengo irabazlea, TODOR AZURTZA izan da.
Izenburua: Eskua Hartu Didazu
Doinua: Bizkorra ez naiz baina badaukat
1.
Plaza erdian odol hustutzen
lurrean ikusi nauzu,
eta malkotan, lazgarri, ozen,
oihuka hasi zara zu.
Nire ondoan belaunikatuz
eskua hartu didazu,
xuxurla batez hala esanez:
“maitea zerbait esazu”.
Baina nola egin kasu? (bis)
Ta bitartean norbait ari zait
bularra_estutuz, jo ta su,
frenesi hori film bat bailitzan
goitik begira naukazu. (bis)
2.
Arnasa eten zaidan unean,
galdu orduko zentzuna,
gorputzetik at hasia daukat
oroimenetan jarduna.
Gure herriko jaia dakusat,
galanta ospakizuna!
Plazan zaude zu, irribarretsu,
ilea kizkur iluna,
hori da edertasuna. (bis)
“Nirekin dantzan egin nahi duzu?”
Zuk baiezko erantzuna.
Ezin ahantzi dut eskua lehengoz
hartu zenidan eguna. (bis)
3.
Oroimenetan, mila irudiz,
noa gazte denborara,
lehen unetik zure ondoan
izandako poz hartara,
lehen musuak nire barruan
eragin zidan zirrara,
aztoratuta nola bizkortu
zitzaidan bihotz taupada,
bularrean mailukada. (bis)
Gure_artekoak bazuen zerbait,
hori gure bihozkada,
egun hartatik eskutik goaz
elkar-maiteen erara. (bis)
4.
Igandeetan gure ohean
eskuan kafe goiztiarra,
txor-txor luzean hizpide dugu
irratiko titularra
itsasertzean biok oinutsik
arin zapalduz hondarra,
ekaitz ostean laino artean
begietsiz ortzadarra,
gauez, aldiz, Artizarra. (bis)
Konplizitate uneok ditut
bizi arrazoi bakarra,
gaurko ziztadak ez beza galdu
gu bion maitasun garra. (bis)
5.
Anbulantziak ziztu bizian
narama ospitalera,
sirenen hotsek suspertu naute
ta itzuli orainera.
Jainkoari esker ondoan zaitut,
eskua helduz gainera,
halere kolpez erraineraino
minak datozkit gainera,
larria da egoera. (bis)
Eutsiko diot bizitza honi,
indarrez noa aurrera,
ezin onartu baitut hau denik
gurearen amaiera. (bis)
6.
Miren ta biok gure herrian
ospatu_ondoren “Korrika”,
bozkariotan etxerantz goaz
euskaraz kantan, jauzika.
Kale ertzetik gazte saldo bat
datorkigu garrasika,
“hablad español” bota digute
ta guk gurea eutsita
hasi gara ika-mika. (bis)
Mele horretan batek sartu dit
ganibeta ukaldika,
talde osoak ihes egin du
ni odoletan utzita. (bis)
7.
Batzuentzako desberdina den
oro liteke etsaia,
izan azala, erlijioa
genero edo lengoaia.
Ezinikusi eta mespretxuz
ilundu zaigu paisaia,
beldur, iruzur ta ezjakina
da su honen erregaia,
bai, garratza da epaia (bis)
Gorrotoaren ekaitzarekin
gainezka doa ibaia,
fruitu pozoidun duen zuhaitzak
zabala baitu sustraia. (bis)
8.
Zeinen dohatsu naizen bizirik
ohetik zuri begira,
zauriak zauri irabazita
heriotzari partida.
Zure arnasa ondoan dudan
une oro dut desira,
zure eskutik helduta nire
bizi hautua argi da:
maitasunaren dirdira. (bis)
Gorrotoak jo bagaitu ere
jauzi dezagun argira;
Jazarpenaren zingiratik at
goazen elkar urrutira. (bis)
PS: bertsoan _ ikurra erabiltzen da sinalefa / lotura fonikoa adierazteko