XI. Bertsopaper lehiaketako irabazlea

DOINUA: Itziarren semea ( Peio eta Pantxoa)

NI… GUTAR?

1
Pasa ostean mila
itsaso ta laku
Itziarren sendian
naute adoptatu.
Afrikan, ezin nintzen
herrixkan geratu
ez ezkontzeagatik
egin dut pekatu!
Estatuz estatu
azkenik, kokatu:
han jaio nintzen arren,
hemen munduratu …

2
“Itziarren alaba”
naiz ni bat-batean
baina hori niretzat
da guztiz kaltean!
“Ni Shamira nauzue”
denei esatean
isekaz hartzen naute
minezko katean …
Nire aldartean,
poza apartean
ezizena nortasun
bihurtu artean.

3
Nahizta naizen nerabe
hitz errezekoa
euskaldunentzat ez naiz
euskaldun petoa!
Betetzen ez dugunez
bataz bestekoa
migrazioa tabu
da bihurtzekoa …
Traza txarrekoa,
triste antzekoa:
Azalaren afera,
ze azalekoa!

4
Matxista dugu Sudan,
nire nazioa
diktadura frankisten
bariazioa …
Euskal Herrian berriz,
beste bat zioa:
“cool” ta “progre” jendeen
erlaxazioa.
“Gutar” pasioa …
ta ukazioa!
da hemen praktikatzen
den ablazioa.

5
Bertako bihurtzeko
nahian ta desiran
euskal kultura jarri
nuen ikusmiran.
Baina benetan kasu
nork egiten zidan?
murgiltze ereduak
ahaztuz segidan …
Topikoen jiran
alarmak dilindan
aurreiritzi itsaso
bat murgilduz nigan.

6
Liburutegietan,
jarrita patxadan
begiak iltzatuta
BERRIAn ta GARAn
saiatzen naiz sakontzen
bertako euskaran
hitz berriak ikasiz
tentuz ta iladan.
Noan abiadan,
ezer ez dut traban …
Etortzen ta etortzen
jarrai ez dezadan.

7
“Inor ez da ilegala”
leloa jertsean,
“ni ez naiz arrazista”
denak, ezetzean …
Baina kontraesanak
nonbait agertzean
amorrua nagusi
kopeta beltzean …
Beldurren ertzean,
maskara kentzean:
Inmigrante ez baina…
alderrai etxean!

8
Nire belaunaldian
ez gara lehenak
Europako puntara
iritsi garenak.
Laguntzeko eskatzen
didanez barrenak
bidelagun izango
nau etortzen denak …
Opari onenak:
nire bihotz-senak!
Ongi-etorri senti
daitezen hurrenak.