Altzako XIII. “Arantza Hernandez Ezeiza” BERTSOPAPER LEHIAKETAko Altzako onena

Aurtengo Altzako onena, AITOR ODRIOZOLA ZUBILLAGA izan da.


IZENBURUA: Nigarra begian
DOINUA: Goizean altxatu eta


I
Aurten hogeita bi urte
gure artean ez zaudela,
nahiz garai hartan aparte
ez nuen izaten fardela.
Begirada bera ginen
baina ja ez da horrela,
zu gabe aurrera noa
ezin bainuen bestela.
Zoria zenbait unetan
izan liteke krudela,
nahiz nirea izan zinen
heldu zen arte orbela, (bis)
ez dakit zeba sentitzen
dudan arrotza zarela.

II
Uda beteko eguna
zena bihurtu zen laino,
beldurra sartu zitzaidan
gorputzean barruraino.
Behin gertatuta horrekin
bizi behar dut gaurdaino,
geroztik ebakuntzez ta
bidaiez kokoteraino.
Askotan pentsatu baietz
nahiago ni bera baino,
alperrik da galdetzea
nola heldu ginen haraino, (bis)
ama, zure bizitzako
egun gogorreneraino.

III
Eztanda baten ondoren
datorrela hutsunea,
hala dago halakorik
lehen ez zuen umea.
Irtenbidea izan arren
berez hain gauza xumea,
traumekin ta tabuekin
ezin senda beltzunea.
Nahiz orain arte ez dudan
topatu abagunea,
ta luzea izan gure
arteko isilunea, (bis)
iritsi da parez pare
hitz egiteko unea.

IV
Begitara begiratu
ta hortxe dago akatsa,
ziur nago zuk ere ja
eman didazula traza.
Baina beti ezin hartu
luze ta sakon arnasa,
eta nire buruari
botea naiz mila lantza.
Ume batek begiratu
ta sortzen bazait zalantza,
iruditzen zait lanketa
geratzen zaidala latza, (bis)
ez banaiz ni naizen hori
ontzat hartzeko kapaza.

V
Ta hemen sartzen zara zu
ez naiz zutaz ahaztu, aizu!
Zure bikia zaintzen dut
ahal dudan bezain maisu.
Zure ordez beste bat dut
hau zer iruditzen zaizu?
Aurrera egitea ez
al da ba izango haizu?
Nahiz ta ez didan egiten
zuk lehen adina kasu,
kristalak horixe baitu
ez dela horren ahaltsu, (bis)
berekin ordezkatzea
barkatuko al didazu?

VI
Ezin konta orbain daude
izan gazte zein zaharra,
eta kosta egiten den
sekula ez galtzea iparra.
Baina behin jabetuz gero
orbainek duten indarra,
ez dela hutsala baizik
eta ahaltsu samarra.
Zuri bigarren pertsonan
hitz egiteko beharra,
jendearen begietan
nahiz izan begibakarra, (bis)
ezker eta eskuinetik
egin ohi dut nik negarra.

VII
Erantzuna ez da etortzen
gure orbainez ahazten,
saiatu beharra baita
biek elkarrekin hazten.
Beraz, ez gaitezen hasi
gazia dena garrazten,
besteek gu epaitzeko
aukera izan ez dezaten.
Denok baititugu bainak
nahi adina zehaztapen,
aurrez aurre begiratu
itzazu egunen baten, (bis)
onartu zure orbainak
orbainek onar zaitzaten.