Aurtengo Altzako onena, XABIER JOSEBA MUJIKA izan da.
IZENBURUA: JOAN MARIRI
DOINUA: SORTETXEARI
1.
Ikasketez injeniari
kirolean futbolari
zorioneko Joan Mari.
Baina barruan ahots sakon bat
esaten zitzaizun ari:
Venezuelara joan hadi
behar duen jendeari.
2.
Itzuli zinen etxera
garai hartatik aurrera,
beste zerbait bilatzera.
Irakasletza izan zenuen
orduko lehen joera
baina handik pixkatera
idazlearen papera
izan zen zure aukera.
3.
Zuk egindako liburu
hogeita hamar inguru
gutxienez baditugu.
Babilonia konpontzea zen
agian zure helburu.
Hortan bihotz eta buru
saiatu zinen seguru
eta eskertzen dizugu.
4.
Une latz eta astunak
egun triste ta ilunak
dakarzki gaixotasunak.
Baina halere lanez betetzen
zenituen zuk egunak.
Zeinen botika txukunak
etxeko eta lagunak
eta haien maitasunak!
5.
Aldatu arren itxura
sarri datorkit burura
ume gineneko hura.
Altzako lurrek etxez beteta
emanagatik tristura
askatu gabe aingura
gorde zenuen lotura
joan zinen arte zerura.