Aurtengo Altzako onena, TODOR AZURTZA izan da.
IZENBURUA: Ad libitun: hitz arinak.
Doinua: Horra sei bertso kale I / Zaldi baten bizitza
- 1 –
Zortzi bertsotakoa
gaur ofizioa,
ad-lib edo libreko
marmarioa;
ikusiaz munduan
dugun tentsioa,
horretaz aritzea
da nire zioa;
deklamazioa,
deklarazioa,
disertazioa,
alokuzioa;
denetik egiteko
dut desioa.
- 2 –
Ziurtasunez lepo
gu bizi garela,
nola onartu dena
dela kiniela;
aldakor den munduan
behar da kautela,
ustea ezustean
bihur leike bela;
ingumen koktela,
ametsen fardela,
norberak kartzela
buruan duela;
ziur da soilik ezer
ziur ez dela.
- 3 –
Begiak arimaren
mirail omen dira,
guretan ez al dugu
galdu diztira;
egun guztia gabiltz
pantailei begira,
sareetan loturik
galduz perspektiba;
hainbeste intriga
eta tirabira,
gauza bat argi da,
“Like” baten harira,
barne ekaitza jartzen
da agerira.
- 4 –
Gezurrezko mundu bat
nahi digute saldu,
egizko datuekin
izanda malgu;
iruzur kanpainetaz
inor ez da salbu,
sen ona ta logika
baitira pattaldu;
geroaz gogaldu,
usterik ez galdu,
egia azaldu,
egia ahaldu,
libre bere hegoak
ditzan zabaldu.
- 5 –
Elkarbizitza dugu
hauspotzen den hitza
herri abegikorren
zinezko giltza;
bizikidetza denez
kulturez anitza,
nolatan bertakoa
zapalduz gabiltza?
Gure_elkarbizitza
ez al da desditxa,
euskarazko hitza
ez denez baldintza
erderaz derrigorrez
behar da mintza.
- 6 –
Ekaitza gizartean
tximista ta ostotz,
aritu beharko da
zuzen ta zorrotz;
gurea iragarriz
gabiltzala uros,
kanpotik datozkigu
hainbat hitz eta hots;
ikasteko asmoz,
adibideok, hots!
kaixa inglesez box,
ta azeria fox,
faxista aldiz dugu
gazteleraz vox.
- 7 –
Mundua hankaz gora
astiro doala,
ez al da erruduna
hor mendebala?
kapitalismoak du
eragin zabala,
berekoi izatea
bihurtuz normala;
giza arrakala,
prefosta kausala,
handitzen doala,
non dago morala?
Besteek egin behar
guk ez bezala.
- 8 –
Ad-lib bertso hauetan
egin dut kritika,
barka norbait nahigabe
badut kilika;
baina gertakizunei
arreta jarrita,
ezin batek gor egin
begiak itxita;
mundua hautsita
daukagu antsika,
gaurtikan hasita
konpon daigun, tita!
denok historiarekin
baitugu zita.
Postdata: bi bokalen arteko diptongoa _ ikurraz adierazita dago.